klikmetroak.kilometroak.net-i buruz

Zer da klikmetroak.kilometroak.net?

Kilometroak 2018ren barruan antolatu den ekimena da, azken urteetan Kilometroak ekimenaren barruan antolatu den bezala aurten ere berritzen dena.

Nola funtzionatzen du?

Helburua, bisitari bakoitzak metro bat egitea da. Eta, bakoitzak metro bana eginda, ibilbideari ahalik eta itzuli gehiena ematea.

Bisitariek egindako metro bakoitzeko, babesleek dirua jarriko dute Kilometroak festaren alde.

Nola hartu metro bat?

Metro bat hartzeko, zure datu hauek behar ditugu:

  • Izen-abizenak
  • Argazkia
  • Mezu bat (250 karakterekoa gehienez)

Datu horiek emateko moduaz, informazio gehiago erabiltzaileei zuzendutako laguntza orrian aurkituko duzu.

Sariak?

Bai, metro bat egiteak, saria izan dezake. Horri buruzko informazio gehiago, sarien orrian bertan.

Zein dira babesleak?

klikmetroak.kilometroak.net eta, ondorioz, Kilometroak festa diruz lagundu nahi duen edozein enpresa, erakunde, talde edo norbanako.

Informazio guztia, babesleei zuzendutako laguntza orrian aurkituko duzu.

Hasierako Kilometroak haiek gogoan...

Nolabait esateko, 1977ko Kilometroen filosofia berrasmatu nahi da ekimen honen bidez, orduko ezaugarriak egungo gizartera egokituz. Haserako Kilometroak haietan, egindako kilometroen arabera ematen zuten dirua babesleek. Orain, hori, sarera ekarriko da.

70eko hamarkadan nabarmen hazi eta finkatu arren, bizitako hazkundeak ez zuen ikastolek sorreratik zuten zuloa estali: diru premia, alegia. (...) Diru iturri berriak behar ziren, halabeharrez. Eta beraz, ideia berriak. Zer egin, ordea?

1977an, Beasaingo (Gipuzkoa) Alkartasuna Lizeoak 10 urte inguru zeramatzan zabalik, umeak egoitza ezberdinetan banatuta. Han ere gorantz zihoan ikasle kopurua, eta eraikin berri bat egiteko beharra zegoen. Josu Erguin gurasoen batzordeko kidea zen orduan, eta dirua lortzeko ideia bat aurkeztu zuen ikastolan, 1969an Kalifornian (AEBn) ikasten ari zela ezaguturikoa: hainbat gizarte erakkundek festa berezi bat antolatzen zuten han, dirua bildu ahal izateko. Hala, ikuskizun ezberdinekin batera, ibilbide bat sortu eta parte-hartzaile bakoitzak diru kopuru bat ematen zuen ibilbidean egindako kilometroen ruke. Ideia hura entzunda, batzordekieen artean hasieran zalantzak izan ziren, eta erotzat ere hartu zuten Erguin. Azkenean, ideiarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten Beasaingo ikastolan, Gipuzkoako Ikastolen Federazioaren babesarekin.

Horrela, 6-8 hilabetez lan egin, astero-astero bildu eta hilabetez hilabete mota guztietako ekintzak antolatu ondoren, ikastolen aldeko lehen festa erraldoia ospatu zen Beasainen, 1977ko urriaren 16an, Kilometroak izenarekin.

Ibilbidea 09:00etan zabaldu zen, On Joxe Miel Barandiaranek zinta moztuz Lazkaon eta Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko orduko presidente zen Jose Antonio Zabalduak Beasainen. Eta, Aita Barandiaranez gain, lagun eta talde ospetsu askok parte zuten festan: Telesforo Monzonek, Eli Galdosek, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k, Baskonia saskibaloi taldeko partaideek... Bakoitzak babesle bat zuen, festaren ideiari jarraiki. Lankide Aurrezki Kutxak (egungo Euskadiko Kutxak), esaterako, 150.000 pezeta eman zituen Aita Barandiaranek egindako kilometroen truke. Beasaingo Merkatari Elkarteak, berriz, 500 pezeta ordaindu zuen Lazkao Txiki bertsolariak egindako kilometro bakoitzarengatik. Joxe Mari Iriondo kazetariak Deia egunkaria izan zuen babesletzat; Egin egunkariak, aldiz, Jose Migel Maiz korrikalaria babestu zuen... “Kilometroak ez zen bakarrik festa izateko diseinatu”, Josu Erguin sortzailearen esanetan. “Han parte hartzen zuen bakoitzak, bere gorputzarekin esfortzu bat egingo zuen, izerdi tanta batzuk aterako zituen ikastolaren alde; ez bakarrik dirua emanez, baita zerbait eginez ere”.

Jendetza izugarria elkartu zen egun horretan Beasainen, Ikastolen aldeko lehen jai erraldoiean.  (...) Marka guztiak txiki gelditu ziren, denera, 15.000 lagun elkartzean. Eta, jakina, bitxikerientzako tartea ere egon zen: 17 urteko Alfonso Garcia beasaindarrak, adibidez, 63 kilometro egin zituelako.

'Ikastola mugimendua. Dabilen herria' liburutik (86. orr)